Mikel Irujok Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari kargua hartu du

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 4a, 09:57
Mikel Irujo, kargua hartzen, Nafarroako Jauregian, Maria Txibite aldamenean duela.

Nafarroak dituen erronken gakoak bi hitzetan laburbildu daitezkeela adierazi du Mikel Irujo kontseilari berriak: "Europa eta ekonomiaren susperraldia". Manu Aierdik hasitako bideari jarraituko diola esan du. 

Mikel Irujok Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari berria izateko hitzeman du gaur, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian.Karguaz jabetzeko ekitaldian Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Mikel Irujoren familia eta Manu Aierdi bera izan dira, joan den astean dimisioa aurkeztu zuena.

Mikel Irujo, Aierdik bezala EAJko kidea eta Geroa Baik kargurako proposatutakoa, orain arte Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia izan da. Kargua hartzean, kontseilari berriak Europa eta ekonomiaren susperraldia ezarri ditu "erronka handi" gisa. Presidentearen eta Geroa Bairen konfiantza eskertu du, eta eskerrak eman dizkio baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariari ere, azken bost urteetan harekin lan egin baitu, aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkari gisa eta gaur egun Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi gisa.

Nafarroak dituen erronken gakoak bi hitzetan laburbildu daitezkeela esan du: "Europa eta susperraldia". "Manu Aierdik ezarritako helburua jarduera ekonomikoa berreskuratzea eta enplegua sortzea da, baita Nafarroako industria sarearen lehiakortasuna indartzea ere, gizarte, ingurumen eta lurralde jasangarritasunaren ikuspegitik", adierazi du. Nafarroa Suspertu planak, 2030erako Nafarroako Estrategia Digitalak, Nafarroa Greenek edo Nafarroako Lurralde eta Gizarte Kohesiorako Estrategiak "koordinazio handia" eskatzen dutela nabarmendu du, Nafarroako Gobernuko departamentuen barruan eta administrazio publiko guztiekin, baita lankidetza publiko-pribatua re.

Behin Irujok bere kargua agindu eta kontseilari gisa duen intsignia jaso ondoren, Txibitek presidenteak hartu du hitza, eta zoriondu egin du, bere funtzio berrietan "asmatu" duela esanez. Hitzaldiaren hasieran, eskerrak eman dizkio Manu Aierdiri, "egindako lanagatik, azken egunera arte gobernuarekin izan duen konpromisoagatik eta Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Deparamentuko buru gisa egin duen lanagatik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!