Sergio Perez Garcia izanen da Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi berria

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 2a, 13:46

Nafarroako Gobernuak datorren astean onartuko du bere izendapena, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak proposatuta. Manu Aierdiren kontseilaritza hartuko duen Mikel Irujo ordezkatuko du Perez Garciak.

Sergio Perez Garcia (Erriberri, 1989) izango da Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi berria, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak proposatuta. Erriberrin jaioa, Perez Garciak esperientzia handia du Europako I+G+b proiektuen eta sareen kudeatzaile gisa Europako Batzordearen Executive Agency for SMES agentzian. Irujo ez bezala, Perez Garcia ez da euskalduna.

Gainera, Europako Batzordearen Network Europako Enterprise Sarea kudeatu du Nafarroan. Sare hori ETEei laguntzeko tresna nagusietako bat da, haien lehiakortasuna eta berrikuntzaren arloan egiten duten lana hobetzeko, eta Europar Batasun osoko 500 enpresa-erakunde baino gehiago biltzen ditu. Esparru horretan, Europako funtsei aholkularitza eman die, bereziki H2020 eta Horizonte Europarra programetan, eta Nafarroako teknologia nazioartekotzeko enpresa-misioak antolatzen lagundu du.

Duela bi urtetik, gainera, EASMEko Jabetza Intelektualaren Laguntzarako Europako Zerbitzuko adituen koordinatzailea da, eta 48 IP adituk eta Europar Batasuneko 28 herrialdetako teknologia-transferentziak parte hartzen duten sarearen buru da.

NUPeko Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan eta Zuzenbidean lizentziatua, aurretik Nafarroako Administrazioko hainbat unitatetan eta Londresko Paralegal bulego britainiarrean lan egin du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!