Aurreko legealdian onartu zen Nafarroako Gobernuaren foru legearen 68. artikuluaren aldaketa egokia izan zela pentsatu nahiz ez, talde guztiek, Navarra Sumak izan ezik, artikuluaren edukia berrikusi egin behar dela uste dute, prozesatuaren eskubideak bermatu daitezen eta ez dadin erabilera politikorik egin.
Geroa Bairen bozeramailea izan da irmoena. Haren taldeak aurretik adierazi bezala, Uxue Barkosek “premiazkotzat” jo du artikulua erreformatzea. Gogora ekarri du, 2018an orduko Hezkuntza kontseilari Maria Solanaren dimisioa eskatzeko erabili zutela artikulua, Espainaiko Auzitegi Gorenak artxibatu aurretik haren aurkako kereila bat, Maravillas gaztetxearen husteari lotuta. Hortaz, Barkosek, “halakorik berriro ez gertatzeko bermeak” eskatu ditu.
Ahal Duguko bozeramaile Mikel Builek, honako gogoeta plazaratu du: “Eskuinak Ahal Duguren aurkako salaketa bat jarri duen bakoitzean dimititu behar izan balute, koalizioa deseginda legoke”. Hortaz, kargu publikodunen eskubideak bermatzeko bide bat aurkitzeko beharra nabarmendu du.
Ramon Alzorriz bozeramaile sozialistak gogora ekarri du, artikulua alarma sozial handiko une batean onartu zela, PPren ustelkeria kasu zenbait aktualitate betean zeudenean, eta“herritarrek politikan etika eredutzat hartuko zuten legeak eskatzen zituztenean. Ordea, urte batzuk igaro ondoren, ondo ikusten du aldatzeko aukera, akats gisa ikusten baitu artikulu batek hainbeste interpretazio juridiko egitea.
I-Eko bozeramailearentzat, artikulua moldatzea akats bat izan zen, ez baitzen errugabetasun presuntzioa lehenetsi. Baina iritzi pertsonal bat dela gaineratu du, koalizioan ez dutelako barne eztabaidarik egin.
Aitzitik, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunaren iritziz, artikulua “konbentziturik” onartu zuten, eta bere taldeak “konbentzimendua” izaten jarraitzen du, baina uste du anbiguoa suerta daitekeela eta gehiago zehaztu beharko litzatekeela. Hark ere argi ikusten du eskuina “helburu politiko maltzurrekin” erabiltzen ari dela artikulu hori.
"Sorgin ehiza"
Navarra Sumaren iritzia, noski, oso bestelakoa da. Biktima jarrera argiarekin, Javier Esparza eledunak esan du UPNk “sorgin ehiza” bat pairatu duela, plaza publikoan erre izan dituztela, ustelkerian sartuta egoteagatik, “dena gezurra zenean”. Haren iritziz, aurreko legegintzaldian, lauko gobernuak aldaketa hori onartu zuen “UPNri kalte egiteko helburuarekin”. Orainaldira etorrita, ez du zehaztu aldaketa posible bat babestuko duen ala ez.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!