Zaintza sistema publikoa aldarrikatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 26a, 13:50

Zaintza sektoreko langileak grebara deitu ditu gaur sindikatuak. Grebaren jarraipen zabala txalotu dute, ohartaraziz mobilizazioan "grebarako eskubiderik ez duten etxeko langileak eta gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubiderik gabe utzitako langileak falta” zirela.

Zaintza sistema publiko eta duina aldarrikatzeko greba egin du gaur ELA sindikatuak. Egungo sisteman kapitalak agintzen duela salatu du Izai Bujanda Zerbitzu Publikoetako Federazioko arduradunak, eta bizitzak erdigunean jarri behar direla adierazi du. Manifestazioa egin du sindikatuak eguerdian, Iruñean. 

Sindikatuak "zaintza sistema unibertsal eta doakoa" proposatzen du, eta interes pribatuen esku dagoen sektorea publifikatzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen du. Batetik, prekarietatearekin amaitzeko eta bestetik, Nafarroako hitzarmen baten negoziazioa abian jartzeko.

ELAk dio zaintzaren alorreko langileen lan-baldintzak hobetzea "ezinbestekoa" dela, zaindu beharreko pertsonek arreta "duina eta integrala" izan dezaten. Sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da hitzarmen bat egitea Nafarroan, batez ere, adinekoentzako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!