Txertaketa kanpainan izan diren atzerapenei lotuta, Navarra Suma koalizioak planifikazio falta leporatu dio gobernuari, txertaketa planak gabezia onartezinak dituela eta sortu duela esanez. PSNk, ordea, ziurtatu du txertatze erritmoak eta aurreikuspenak betetzen ari direla. Ramon Alzorriz bozeramaileak azpimarratu du, gainera, Osasunbideak hasieratik jakin izan duela nola atera errendimendurik handiena txerto poto bakoitzari, xiringa egokiak erabilita.
Gobernuan PSN kide nagusi den Geroa Baik, aldiz, zalantzan jarri du enpresak gai izango direnik txertoen kopuru beharrezkoa banatzeko, eta hortaz, zehaztutako erritmoari eusteko. Uxue Barkosek kezka agertu du. Txertoen atzerapenen aurrean, I-Ek eta Ahal Duguk uste dute Europak enpresa farmazeutikoen gainean jardun beharko lukeela eta interes orokorra partikularraren gainetik jartzen dela bermatu.
Txertaketaz harago, pandemiari lotutako datuek okerrera egiten jarraitzen dute, eta beste herrialde nahiz erkidego batzuetan pandemiaren hedapena saihesteko neurriak gogortzen hasiak dira.
Egoera horretan, I-Ek eta EH Bilduk gobernuari eskatu diote aztertzeko ea neurri gehiago hartu behar diren, datuen bilakaerak ekar ditzakeen eszenatoki berrien aurrean; eta, beharrezkoa bada, zenbait neurri aldatzeko. I-Ek neurriak urratzen dutenen gaineko kontrola areagotzeko eskatu du; EH Bilduk, berriz, etxeratze agindua aurreratzeko aukera jarri du mahai gainean. PSNtik, Alzorrizek erantzun die osasun agintariek ezartzen dituzten irizpideei jarraituko dietela.