DAVALOR AUZIA

Aierdi "oraindik" ikertua ez dela uste du gehiengoak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 25a, 13:33

Uxue Barkos (Geroa Bai) eta Ramon Alzorriz (PSN), Nafarroako Parlamentuan, gaur.

Ekonomia kontseilariaren dimisioa eskatu du berriro Navarra Sumak. Ikertzen badute dimitituko duela berretsi dute gobernua osatzen duten taldeek. EH Bilduk zalantzan jarri du Aierdi karguan jarraitzea politikoki aukerarik onena den.

Espainiako Auzitegi Gorenak  diligentziak ireki zizkion iragan astean Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariari; Sodenak Davalorri 2,6 milioi euro maileguan ematerakoan prebarikazio eta diru publikoen xahutze deliturik egon al zen argitzeko.

Instrukzioaren lehen fase honetan, gakoa da ea Auzitegi Gorenak Manu Aierdi ikertu gisa hartu duen, Nafarroako Gobernuak berretsi baitu Gorenak ikertu gisa hartzean utziko diola Aierdik kontseilari izateari; baina ez du uste oraindik baldintza hori bete denik.

Gobernuan dauden taldeek uste dute Aierdik bere karguan jarraitzeak ez duela gobernuaren irudia kaltetzen, legea ez betetzea litzatekeelako kalte egingo liokeena. 

EH Bilduren irudiko ere, juridikoki Aierdi une honetan ez dago ikertua. Baina zalantzan jarri du Aierdi deklaratua izan arte karguan jarraitzea politikoki aukerarik onena izatea. 

Kontrako iritzia du Navarra Sumak, ordea; autoaren berri izan eta gutxira, Javier Esparza UPNko eta koalizioko buruak aldarrikatu zuen Manu Aierdik "berehala" utzi beharko lukeela gobernua. Eta halaxe egin du berriro ere, kasu honetan, Jose Suarezek. Kargua utzi beharko duela esan du, eta bestela, Maria Txibite presidenteak kendu beharko duela kargutik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!