Altsasukoek azken lau urteetako zikloari amaiera eman diote

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 25a, 09:50

Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek gelditzea eta atseden hartzea erabaki dute. Jasotako babesa eskertu eta bide judizialari eutsiko diotela jakinarazi dute, Estrasburgoko auzitegian. Festarok jaso du prentsaurrekoa, osorik. 

Asteburuan egindako agerraldi batean, Altasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek, auziko gazteekin batera, jakinarazi zuten orain arteko dinamikak amaitu egingo dituztela. Ez zuten ahaztu, ordea, gazteetako bik egunero joan behar dutela espetxera lo egitera. Urteotan jasotako elkartasuna eskertu dute eta auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren esku dagoela iragarri zuten.

Prozesu luzea eta gogorra izan dela onartu dute. "Etapa bizi bat amaitu da, baina bidegabekeriak aurrera jarraitzen du. Talde gisa, nafar guztien eskubideak defendatu ditugu, eta, hedaduraz, pertsona guztienak, edonondik datozela ere, datozen tokitik datozela ere, eta dauden tokian daudela ere ", adierazi dute.

"Giltzapetu ahal izango gaituzte, sufriarazi ahal izango gaituzte eta indarrez gailendu ahal izango dira, baina inoiz ezingo dute gure espiritu gaztea, gure herria eta bertako jendea suntsitu", adierazi dute. "Lortu duten gauza bakarra elkartzea eta gaur hemen inoiz baino indartsuago egotea da".

Bide judizialari eutsiko diote, Europako Giza Eskubideen Auzitegian, "bidegabekerian argi pixka bat bilatuz", etorkizunean beste bidegabekeria batzuk saihesten lagunduko duelakoan. "Gizartearekin, egiarekin eta giza eskubideekin hartutako konpromiso gisa sentitzen dugu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!