Bihar sartuko dira indarrean Covid-19aren hedapena saihesteko Nafarroako Gobernuak ezarritako neurri murriztaileak. Ostalaritzako establezimenduen barnealdea itxiko dute, eta, aldi berean, 10 milioi euroko laguntza sorta berri bat gaitu du sektore horretarako. Gainera, esparru pribatuan egiten diren bilerak bizikidetza-unitate bakar batera mugatu ditu.
Neurriak bihar sartuko dira indarrean, 00:00etan, eta bihartik otsailaren 7ra arte izango dira indarrean, egun hori barne. Egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera aldatu edo luzatu ahal izango dituzte.
Santos Indurain Osasun kontseilariak asteartean azaldu zuenez, debekatuta egongo da taberna, kafetegi eta jatetxeen barrualdean kontsumitzea. Hala ere, terrazak %100ean irekita egongo dira.
Itxiera horretatik kanpo geratzen dira hoteletako eta bestelako ostatuetako jantokiak. Establezimenduan ostatu hartuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie otorduak, betiere osasun neurriak betetzen badira eta mahai bakoitzeko gehienez sei pertsona badaude. Kanpoan geratzen dira, halaber, osasun zentroetako zerbitzuak, zerbitzu sozio-sanitarioak, eskola eta unibertsitate jantokiak, enpresa-jantokiak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.
Salbuespen gisa, honako hauek baimendu ahal izango dira: bidaiarientzako zein merkantzientzako garraio lanak egiten dituzten langileak dituzten bezeroen establezimenduen barrualdeak irekitzea, establezimenduak zerbitzuguneetan edo errepidean egotea (hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan), bost trailer kamioi baino gehiagorentzako aparkalekua izatea eta otorduak edo afariak ematea.
Ostalaritzarako laguntzak
Osasun arloko neurriekin batera, Nafarroako Gobernuak iragarri du 10 milioi euroko diru laguntza sorta berri bat jarriko duela martxan ostalaritza sektorearentzat.
Pandemiaren eraginak gehien erasandako sektoreetako bati laguntzeko asmoz eratu da ekimen hau, eta orain arte ekonomiaren eta zergen arloan hartutako neurriekin bat egiten du. Jarduera horiek honako hauek dira: zerga geroratzeak eta pizgarriak abian jartzea, eta 20 milioi eurorainoko laguntzen deialdia egitea. Deialdia abenduan egin zen, eta ostalaritzako lokalek fakturazioa gutxienez %20 jaitsi zela egiaztatu zuten. Laster iragarriko dituzte baldintzak eta ezaugarriak. Deialdia otsailean argitaratuko da NAOn.