Astebururako elur-jausien arriskuaz ohartarazi dute

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 22a, 08:26
Belaguako estazioa, elurtuta, artxiboko irudi batean.

Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak jakinarazi du mendian elur-jausiak egoteko "arrisku handia" dagoela, eta asteburuan okerrera egingo duela. "Zuhurtziaz" jokatzeko eta ibilbideak aurretik antoaltzeko eskatu du. 

Mendiko eta Eskaladako Kirolen Nafarroako Federazioak ohar batean azaldu du elurra oso baldintza gogorretan dagoela, kasu askotan izotz geruzarekin. Gainera, asteburu honetarako elurte handiak aurreikusten dira, eta elur gogorraren gainean pilatuko dira, 50 cm baino gehiagoko lodierak pilatuz. Beraz, elur-jausien arriskua gero eta handiagoa izango da.

Gauzak horrela, ibilbideak "zuhurtziaz" eta "behar bezala planifikatzeko" deia egin dute; izan ere, eguraldiak eta nibologiak okerrera egingo dute orduek aurrera egin ahala. Elur-jausien biktimak bilatzeko eta erreskatatzeko tresnak eramateko beharra azpimarratu dute.
 
irati-Abodin, Foruzaingoa

Bestalde, foruzainek dispositibo berezi batean parte hartuko dute asteburu honetan, Zaraitzuko Irati-Abodi mendi zentrorako sarbideetan trafikoa arautzeko.

Foruzaingoak azaldu duenez, Covid-19arengatik perimetroa itxi dutenez, jende gehiago joaten ari da bertara kirola egitera edo aire zabalean gozatzera. "Horrek eragin du asko oker aparkatzea, errepide bazterretan, zirkulazioa eragotziz, beste bide erabiltzaileak arriskuan jarriz edo elurra kentzeko makinen lana oztopatuz". Egoera horiek saihesteko, Zangozako Trafiko Arloak eta Foruzaingoaren komisariak zaintza dispositibo berezi bat ezarriko dute, oker aparkatzea eragozteko eta trafiko araudiaren urraketak salatzeko.

Gainera, foruzainek maskara behar bezala erabiltzen dela eta gainerako osasun araudia betetzen dela zainduko dute, pandemia ez zabaltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!