Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek, eta Jon Abrilek irabazi dituzte Tene Mujika sariak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 19a, 08:58

Jon Abril, Euskalerria Irratiko estudioan.

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landuko dute, eta Jon Abrilek, berriz, Euskal Herriko emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du.

Botzirietako hiru egilek jaso dituzte aurtengo Tene Mujika sariak: Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez lesakarrek batetik, eta Jon Abril beratarrak, bestetik. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Muija sariketak. Sari bakarra banatu ohi dute; aurten, baina, bi banatuko dituzte; hala erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak.

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landuko dute. Amaren irudi "patriarkal estereotipatuaz" nahiz superemakumeen amatasun "neoliberaletik" urrun, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak aztertuko dituzte: "Askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak". Eta horien ondoan, baita beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak ere.

Jon Abrilek, berriz, Euskal Herriko emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian proiektuan. Lehendik ere Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziren neskatxen historiaz aritu izan da, eta orain, hari horretatik eta beste askotatik tiraka, antzeko istorio gehiago bildu nahi ditu, elkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez, guztira hamaika lanbide erakusteko gure geografia osoan barna: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, espartingileak Zuberoan...

Debako Udalak 6.000 euroko saria emango dio proiektu bakoitzari, eta irabazleek urtebeteko epea izango dute lanak burutzeko. 2022an liburu gisa argitaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!