Estrasburgok Espainia zigortu du berriro, tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 19a, 10:32

'Aztnugal'-ekoak ezagunak diren bostak.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman dio duela hamar urte atxilotu zuten Iñigo Gonzalezi. Inkomunikazio aldian torturak jasan zituela salatu zuen. “Aztnugal” operazioan atxilotutakoek agerraldia egingo dute arratsaldean, Katakraken.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Iñigo Gonzalez Barañaingo bizilagunaren aldeko epaia eman du. Guardia Zibilak 2011ko urtarrilean atxilotu zuen, eta inkomunikazio aldian torturak jasan zituela salatu zuen.

Epai horrekin, Estrasburgok hamar aldiz eman ditu Espainiaren aurkako epaiak: zortzi aldiz izan da arrazoi horrengatik zehazki, eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuan, modu ankerrean tratatu zituztela iritzita. 

Iñigo Gonzalezen kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko epaile eta Barne ministro Fernando Grande Marlaskaren aginduz atxilotu zute. Madrilen Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon zen egunetan torturak jasan zituela azaldu zuen Gonzalezek. Grande Marlaskak haren torturen testigantza entzun arren, espetxera bidali zuen 

Antzeko kasuekin Estrasburgoren aldeko epaia jasotzen duen seigarren nafarra da. Oihan Ataun izan zen Espainiaren aurkako torturen auzian irabazi zuen lehen nafarra; ondoren, Jon Patxi Arratibelen aldeko epaia ezagutu zen —Arratibelek Aztnugal (Laguntza, alderantziz) hitzarekin sinatu zuen polizia etxean egindako autoinkulpazio-adierazpenean, eta haren kasua sinboliko biurtu zen—. Arratibelekin batera Xabier Beortegi ere atxilotu zuten, eta hark ere irabazi zuen Estrasburgon. Ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren eskutik jasandako tratu ankerragatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!