ELAk zaintza sistema publikoa egiteko eskaera eraman du Nafarroako Parlamentura

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 18a, 11:47

Argazkia: @ELAnafarroa

ELA sindikatuak eskatu du alderdiak inplikatu daitezela zaintza sistema "unibertsal eta doakoa" lortzeko eta prekarietatearekin amaitzeko, Nafarroako egoitzetarako hitzarmen baten negoziaziotik hasita.

ELAk urtarrilaren 26rako zaintza sektoreetan deitutako greba orokorrak —adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak, desgaitasun zentroak, tutoretzapeko etxebizitzak, etxez etxeko laguntza, esku-hartze soziala…— zaintza sistemaren publikazioa eskatzen du.

Testuinguru horretan, ELAk Nafarroako Parlamentuan dokumentu bat erregistratu du,  talde parlamentario guztien inplikazioa eskatzeko, “zaintza eredua aldatzeko eta bide horretan adinekoen egoitzetarako lan-hitzarmena lortzeko”.

“Zaintza profesionalizatu gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen eta putre-funtsen esku, eta horiek lehentasuna ematen diote onura ekonomikoari, eta ez pertsonen zaintzari. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin finantzatzen da”, salatu du ELAk ohar batean.

Hori dela eta, ELAren hitzetan, zaintzaren sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea “ezinbestekoa da” zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala izan dezaten. Sindikatuak eman dituen datuen arabera, gaur egun, Nafarroako adinekoentzako 70 zentro baino gehiago —egoitzen eta eguneko zentroen artean— estatu mailako lan hitzarmen batek arautzen ditu, zentro “gutxi batzuk” izan ezik, horiek enpresa esparruko beren lan hitzarmenek arautzen baitituzte.

Estatu mailako hitzarmenak zer daka? Zerbitzuaren kalitateak okerrera egitea. Izan ere, 7 minutu baino ez ditu uzten pertsona bakoitzaren zaintzak betetzeko (88 minutu egun osoan); eta, gainera, lan-baldintza guztiz eskasak ditu: 1.000 euro gordinetik beherako soldata, urtean ia 1.800 orduko lanaldia eta hilean asteburu bakar bateko atsedena.

ELAren iritziz, “beharrezkoa da” hitzarmen bat egitea Nafarroan adinekoentzako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako, eta “talde parlamentarioen inplikazioa” ere beharrezkoa da, diru publikoak sostengatzen duen sektorea baita, eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!