“Hasiera guztiek bere amaiera dute, eta orain guri, kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu”. Hala iragarri du Hesian taldeak bere agurra. “Bestelakoa irudikatzen genuen, baina errealitateak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu”, onartu dute. Hala, adierazi dute ezingo dutela nahi zuten agurra egin.
Iragan urtarrilaren 9an eskaini zuten azken kontzertua, Bilbon. “Berezia” izango zela nabarmendu zuten, hain zuzen ere, azkena izango zela bazekitelako.
“Musika sortu eta partekatu dugu. Musikak batu gaitu, barruak hustu, bihotzak bete, eztarriak urratu, arimak biluztu eta hegalak astindu!», adierazi dute. Eta atzera begira, “egindakoarekin harro, emandakoarekin pozik eta jasotako guztiarekin zoriontsu” daude. “Bada inoiz ahaztuko ez dugun zerbait: zuen begiradak, zuen oihuak, zuen babesa, zuen besarkada, malko eta irriak”.
“Bihotzak beterik” doazela ziurtatu dute, eta urte hauetan ondoan izan duten “familiari” eskerrak eman dizkiete. “Zuengatik izan gara izan garen guztia”.