183ra igo dira koronabirus kasu berriak, %7,5eko positibotasunarekin

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 13a, 09:47

Osasun departamentuak murrizketa gehiago iragarriko ditu gaur, Gabonen ostean kasu kopuruak gora egin duelako. Neurri horien artean, saltokien egungo edukiera %10 murriztea eta ostalaritzaren itxiera 21:00etara aurreratuko du, ia segurtasunez.

Nafarroak 183 Covid-19 kasu berri erregistratu zituen astearte honetan PCR eta antigenoen 2.436 proba egin ostean, hau da, %7,5k eman du positibo, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Astelehenean 162 kasu erregistratu ziren, %8,4ko positibotasunarekin, eta igandean, 133 kasu, %9,7ko positibotasunarekin. 

Eremuka, Erro da kutsatze gehien izan dituzten udalerrien zerrendan lehena, 15 infekziorekin. Bertan, agerraldi bat antzeman da Ibañetako adinekoen zentroko egoiliarren artean. Gizarte Eskubideen Sailak jakinarazi duenez, 17 kasu positibo atzeman dituzte zentroan bizi diren pertsonen artean. Bertan bizi diren 55 pertsonak bahetu ondoren, eraginpeko pertsonetako bat bitarteko baliabide batera eramatea erabaki da, eta beste 16ak egoitzan isolatuta egongo dira. Txertoaren lehen dosia duela astebete jaso zuten, urtarrilaren 5ean.

Barañainen, berriz, 10 infekzio atzeman dira. Irunberrin, bederatzi izan dira eta kutsatzeen ugaritzea ikusirik, udalak "etxetik ahalik eta gutxien ateratzeko" deia egin du. 

Txertaketa planari dagokionez, 6.594 pertsonak jaso zuten txertoa astelehenera arte, eta 1.088 dosi eman zituzten. Atzo ia hogei egoitza-zentrotako eta komunitate erlijiosoetako 900 pertsona ingururi jarri behar zieten txertoa. Langile soziosanitarioek txertoa hartzen jarraitzen dute Refenan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!