Urriaren 12an Iruñean egindako ekitaldi baten harira auziperatu dituzten 12 pertsonei elkartasuna adierazteko asmoz elkarretaratzea izanen da bihar, asteartearekin, Nafarroako Justizia Auzitegian. “Berriz ere salatu behar dugu monarkiaren izenean eginiko askatasunaren aurkako eraso bat. 12 laguni koroaren aurkako delitua egotzi diete eta Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte urriaren 12aren harira egindako protesta ekintzengatik. Edozein demokraziatan adierazpen-askatasunerako eskubidearen erabateko babesa izan beharko lukeen ekintza izan zen hura; baina historiak berak argi erakusten digun bezala, monarkiak berak dakarren demokrazia ezaren adierazle argia bilakatu da”, salatu du LAB sindikatuak.
LABen hitzetan, Espainiako koroak “78ko Erregimena ordezkatzen eta babesten” du. “Erregimen horrek, errepresioaren eta prekaritatearen bidez, gure herriaren askatasuna eta subiranotasuna ukatzen ditu, lan eta bizitza duinak izateko beharrezkoa den aldaketa soziala ukatzen digu”.
Hori dela eta, langileek eta gehiengo sozialak, mobilizatzen jarraitu behar duela azpimarratu dute: “Erregimena deseraikitzeko prozesuak aurrera jarraitu behar du elite kapitalistek, kontserbadoreek eta unionistek demokraziari, askatasunari eta aldaketa sozialari ateak ixten dizkion sistema kapitalista hori inposatzen jarrai ez dezaten. Horrela, 78ko Erregimena eroriko da”.
Ildo horretan, LABek “babes eta elkartasun osoa” adierazi die deklaratzera deituak izan diren hamabi pertsonei. Halaber, dei egiten diete Nafarroako langileei bihar, 10:00etan, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean eginen den mobilizaziora joan daitezen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!