Sare: “Hainbat ideologiatako milaka lagunek beste espetxe politika bat aldarrikatu dute”

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 11a, 10:47
Sarek Lizarran egindako mobilizazioa. (@sare_herritarra)

Asteburuan milaka lagun atera ziren kalera, euskal presoen eskubideen alde eta salbuespenezko neurrien aurka. Sarek “oso balorazio positiboa” egin du. Nafarroan 78 herritan egin zituzten mobilizazioak.

Urtero, urtarrilean, Bilbon egiten den manifestazioa Euskal Herriko txoko ugaritan barreiatu da aurten. Larunbatean milaka herritar aterea ziren kalera Sarek Euskal Herrian antolaturiko 238 manifestazioetan, sakabanaketaren amaiera eskatzeko eta presoen eskubideen alde egiteko. Frantziako eta Espainiako Gobernuei espetxe politikan egin beharreko bidea argiz markatzeko. 

Sare herritarraren arabera, 50.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute mobilizazioetan. Ekitaldi nagusia Bilbon izan zen, Udaletxe Plazan, ordubete lehenago Moyua Plazan hasitako manifestazioari amaiera emateko.

Atzo Bilbon egindako ekitaldi batean, Joseba Azkarra eta Begoña Atxa Sareko bozeramaileek mobilizazioen balorazioa egin zuten; Covid-19aren pandemiak mobilizazioen ohiko formatua aldatzea behartu duen arren, “hainbat ideologiatako milaka lagunek beste espetxe politika bat aldarrikatu zuten”.

Nafarroan 78 ekitaldi izan ziren, eta Sarek oso positibotzat jo du erantzuna, eguraldiak ez baitzuen laguntzen. Sarek oinarrizko sei eskakizun zehatz egin ditu mobilizazioetan: euskal presoen euskal herriratze, preso guztiei gradu progresioa ahalbidetzea, larriki gaixo dauden presoak etxeratzea, adinez nagusiak diren presoak etxeratzea, haur motxiladunek gurasoekin duten eskubidea errespetatzea, eta Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean kontuan hartuak izatea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!