Ezohiko Gabon zahar gaua: etxeratzea 23:00etan eta bilera jendetsurik ez

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 31a, 10:19

Nafarroak ez ditu urte amaierako murrizketak malgutuko, egoera epidemiologikoak okerrera egitea saihesteko. Kontsultatu hemen gaur gaueko neurri nagusiak.

Itxialdi perimetrala irekitzeko asmoa zuen gobernuak; baina itxita izanen da Nafarroa.

Ezinen da ez Nafarroatik atera ez Nafarroara sartu, ospakizunak gertukoekin ospatzeko.

Urte aldaketa kalean ospatzeko aukerarik ez izanen da?  

Eguneroko ordua mantenduko du gaur gauean gobernuak. Gaueko 23:00etan ezarri du etxeratze agindua, beraz, ordu horretatik aurrera kalean egotea zigortua izanen da.

Etxean, zenbat lagun elkartu daitezke?

Gehienez ere sei laguneko topaketak daude baimenduta, eta gehienez bi bizikidetza unitate elkartu ahal izanen dira.

Zahar etxeetara eta desgaitasuna dutenen zentroetara bisitak baimenduta daude?

Bai, baina hainbat murrizketekin. Bizikidetza unitate berekoak badira, bi pertsona joan daitezke bisita egitera. Halaber, egoiliarrek ateratzeko aukera dute, baina arriskua neurtuko da lehenik. Kutsatzeko arrisku handia izan badu, PCR proba bat eginen zaio itzultzean eta 10 egunez isolatuta izanen da.

Ostalaritzan eta kultur eta aisialdi jardueretan, aldaketarik izanen da?

Ez da aldaketarik izanen. Taberna eta jatetxeak 22:00etan itxiko dituzte. Barruan %30eko gehienezko edukiera izanen da, eta kanpoan, terrazetan, %100ekoa. Barran ezin da kontsumitu eta mahai bakoitzean gehienez sei lagun egon daitezke.

Antzokiak, zinema aretoak eta bestelako entzunaretoak 10etan itxiko dituzte, aurrez esleitutako eserlekuak izanen dira jardueretan eta edukiera erdira murriztuta dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!