Internet bidezko lehen Hatortxu Rock izan zen larunbatekoa. Inoizko ezberdinena; eta, antolakuntzaren arabera, baita inoizko beharrezkoena ere. Ezinezkoa izan da, urtero bezala, milaka lagun bildu Atarrabiako karpan, baina sakabanaketa pairatzen duten euskal presoen aldeko elkartasuna premiazkoa zela iritzita, aurrera egitea erabaki zuten.
Ohiko formatua goitik behera aldatuta, bidean topatutako zailtasunak hamaika izan dira, baina hala ere, emaitza “bikaina” izan dela ziurtatu dute antolatzaileek; “aurreikuspenak gainditu” egin direla.
Ordubete inguruko ekitaldi berezia izan zen, eta hiru atal izan zituen, Batetik, Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek zenbait euskal talde ezagunen abestiak eguneratu zituzten, eta hainbat musikari eta talderekin taularatu zituzten: Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaia, Lide Hernando, Alex Sardui eta Hutsun taldea.
Bestetik, jaialdiaren ohiko formatutik gertuago, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek euren lan berriak aurkeztuko zituzten. Azkenik, Erika Olaizola aktoreak, Lander Garro zinemagilearen laguntzaz, antzezlan berezi bat eskaini zuen, espetxea eta sakabanaketa ardatz hartuta.
Antolatzaileen aurreikuspenak gainditu egin ziren, eta helburua bete egin zen; alegia, sakabanaketaren ondorioak samurtzen laguntzea
25. Hatortxu Rock egingo da
Orain, aurrera begiratzeko unea da, eta, heldu den urteko egoera zein izango den ez jakin arren, gauza bat argi dute: 25 . Hatortxu Rock egin egingo dute.
Hatortxu Rock hiltzeko jaio zela esan dute hasieratik, eta amaiera gertuago ikusten hasi da, azken hilabeteetan zenbait euskal preso gerturatu dituztelako, eta batzuk baita Euskal Herriratu ere. Hala ere, aurrerapausoak izan direla onartu arren, Hatortxu Rockeko antolakuntzak nabarmendu du oraindik berrehun pertsona inguru daudela Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta “denak etxean izan arte” jaialdiak bizirik jarraituko duela.
Kopurua zero bilakatzen den unean erabakiko dute zer egin jaialdiarekin.