Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte hamabi lagun, urriaren 12ko ekitaldiagatik

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 23a, 12:57
Auziperatuak, Katakraken egindako agerraldian.

Koroaren aurkako delitua leporatu diete, Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatuak eraisteagatik Gora Herriak! ekitaldian. Urtarrilaren 12, 13 eta 14an deklaratuko dute. Elkarretaratzera deitu dute 12rako.

Iragan urriaren 12an, Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek Gora Herriak! izeneko ekitaldia egin zuten Iruñean, eta Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen itxura zuten bi estatua eraitsi zuten hainbat lagunek. Orain, horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte.

Gaur egindako agerraldian, salatu dute auziak “izaera politiko hutsa” duela, kritika politikoa kriminalizatzen eta adierazpen askatasuna erasotzen duelako. “Oso larritzat jotzen dugu hau: Espainiako erregearen figura, Espainiaren historia koloniala eta espainiar proiektua bera kritikatzea zigortu nahi dute”, adierazi du Lur Albizu Etxetxipiak, auziperatuetako batek. Eskandalutzat jo du kritika politikoa egiteagatik Madrilera deklaratzera deituak izatea: “Ekitaldi politiko batengatik prozedura judicial bat irekitzea, non eta salbuespenekoa den Espaniako Auzitegi Nazionalean, ez da berria, baina eskandalu politikoa da”.

Azaldu dutenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abaitu zuten ikerketa, komisaldegian deklaratzera deitu baitzituzten, eta ekitaldiak zigorgarriak zirela ebatzi zuten, beren kabuz, auzia Auzitegi Nazionalera eramanez. Baina, horrez gain, “erasoaren atzean” sektore “erreakzionarioenak” ere badaudela ziurtatu dute: “Gurean, Navarra Suma eta komunikabide jaki batzuk nabarmendu dire ekitaldairen kriminalizazioa”.

Hala ere, ziurtatu dute ez direla isilduko. “Ez delako justua eta ez gaudelako prest onartzeko Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala gure herriko agenda politikoan behin eta berriz sartzea”. Hortaz, “erantzun bateratua” emateko deia egin dute.

Horretarako, harreman bira bat egingo dute eragile sozial, politiko eta sindikalekin, kasuaren nondik norakoen berri emateko. Halaber, nafar jendarteari dei egin diote urtarrilaren 12an Iruñeko Auzitegiaren aurrean biltzera, protesta eginez, handik deklaratuko baitute, telematikoki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!