2021eko aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatuko ditu osoko bilkurak bihar

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 22a, 13:05

274 zuzenketa egin ondoren, 4.870.520.378 euroko kredituak bildu dira, eta gastu ez-finantzarioan 224,8 milioi euroko gehikuntza izan da 2020koarekin alderatuz (+ %5,28). Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin sinatutako akordioari esker onartu eginen ditu aurrontuak.

Parlamentuko Osoko Bilkurak asteazken honetan, abenduak 23 (9:15), 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua eztabaidatu eta bozkatuko du.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak abenduaren 14 eta 18 artean egindako eztabaidaren ondoren, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari buruzko irizpenak eztabaidatutako 599 zuzenketatik (horietako 89 in voce) 274 biltzen ditu, eta denak PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek izenpetu dituzte, konbinazio ezberdinetan.

Navarra Sumak 235 zuzenketa mantentzen ditu Osoko Bilkurak eztabaidatu eta bozkatzeko, testu artikulatuari eta departamentuen gastu partidei aurkeztutako guztiak.

Onetsitako arauen arabera, irizpena eztabaida bakarrean eginen da eta talde parlamentari eta foru parlamentarien elkarteek, parlamentari kopuru handiena duenetik hasita txikienera, 20 minutuko tartea edukiko dute parte-hartzeko. Ihardesteko 10 minutuko txanda izanen dute soilik Foru Lege proiektua bere osotasunean babestuko ez duten taldeek. Jarraian, bozketa eginen da.

Bozketa departamentuka eginen da, talde parlamentario edo elkarte bakoitzaren zuzenketak batera bozkatuz, hauetako baten bat bereizita bozkatzeko eskatu ezean. Artikulatuarekin gauza bera eginen da, aurkakoa eskatu ezean, dena batera bozkatuko baita, 2. artikulua izan ezik, amaieran bozkatuko dena.

In voce zuzenketak aurkeztuko balira (hauek onartzeko denek alde egon behar dute), aurkeztu duen taldearen parte hartze txandan defendatuko dira eta dagokion departamentuari (edo artikulatuari) aurkeztutakoekin batera.

2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuak biltzen duen aurrekontua 4.870,5 milioi eurokoa da; azaroaren 11n izapidetzeko onartu zen eta hurrengo egunean argitaeratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4.870,5 milioiko kopuru horretatik 4.481,4 milioi euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 389,1 milioi euro, finantza-gastuari.

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,28 igo da 2020ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.256,6 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 224,8 milioi euroko aldea dago.

Azaroaren 26an Osoko bilkurak baztertu egin zuen, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!