Espetxe administrazioa Nafarroara transferi dadila eskatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 21a, 15:32

Transferientzia "osoa eta esklusiboa" izan behar duela ohartarazi du sindikatuak.

ELAk espetxe-administrazioaren transferentzia eta eskumen hori Nafarroako Gobernuarena soilik izatea eskatu du. "Esklusibotasun horrek osoa izan behar du, eta ez partziala, eta hiru eremuak hartu behar ditu barnean: legegintzakoa, haren garapena eta betearazpenekoa. Bestela esanda: transferentzia hori ezin da kudeaketa-erantzukizunen lekualdaketa hutsa izan; aitzitik, espetxe-politika propio bat garatzeko gaitasuna eman behar digu, askotan gizatasunik gabe, kolapsatuta eta legeak berak ezarritako gizarteratze-helburuak betetzeko gai ez den estatu-ereduaz bestelakoa", adierazi du ohar bidez.

ELAk uste du beharrezkoa dela administrazio bat ezartzea, espetxeratutako pertsonen eskubide guztiak arduratsu errespetatuko dituena. "Askatasunaz gabetzeko baldintzek ezin dute presoen duintasuna kaltetu, ezta beste eskubide batzuk kentzea ekarri ere. Espetxeetako esku-hartzearen helburu bakarra da espetxeratuak gizartera itzultzea erraztea, eta zigorrak betetzeak ezin die kendu gizartean eta familian errotuta egotea. Zentzu horretan, erabat arbuiatzen dugu, askatasunik gabe dauden pertsona guztiak, bere ingurunetik urruntzea".

Espetxeetako langileak Nafarroako gizarteari zerbitzu publikoa ematen dioten langileak dira, eta, beraz, Nafarroako erakundeen mende egon behar dute sindikatuaren ustez. Urteko 365 egunetan egunean 24 orduz funtzionatzen duen zerbitzu baten ezaugarri espezifikoei eutsiz, bere lan-baldintzak Nafarroako Administrazio Orokorrean lan egiten duten langileen baldintzekin homologatzeko eskatu du. "Inola ere ez zaie aplikatu behar salbuespen-egoerak, eskubide-galerak eta lan-baldintzen okerragotzea eta pribatizazioen arriskua eragiten dituen legeria espezifikorik", ohartarazi du sindikatuak.

Espetxeetako langileak Nafarroako Administrazioko langile guztiekin integratzea, lan-homologazioa eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea, funtsezko zutabe dira sindikatuaren irudikoz langile horiek normalizatzeko, zerbitzua hobetzeko eta ezinbesteko elemetu bat espetxe-eginkizunari prestigioa emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!