Nafarroan 31 langile dituen Pascual taldeak enplegu erregulazio espedientea aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 16a, 08:36
Pascual taldearen lantegietako bat.

CNT sindikatuak salatu du enpresak 200 lanpostu likidatzea erabaki duela, irabaziak izan arren. Nafarroan 31 langile ditu.

Calidad Pascual eta Qualianza biltzen dituen Pascual taldeak enplegu erregulazioa egitea erabaki duela salatu du CNT sindikatuak. Azaldu duenez, 2018 eta 2019an irabaziak izan ditu, azken horretan ia 10 milioi eurokoak, baina “zailtasun txiki batzuk” iritsita, 200 langile kaleratu nahi ditu, proposamen alternatiborik egin gabe.

Enpresaren arabera, ekoizpen, kudeaketa eta banaketa sistemak merkatuaren errealitatera egokitu behar dituzte, “etorkizuneko proiektu berriei aurre egiteko". Sindikatuen arabera, hori "marketin hutsa” da, eta enpresak  "egoera aprobetxatu" nahi du "merke kaleratzeko".

CNTk uste du enplegu erregulazioko espedientearen arazoetako bat sindikatu korporatiboak izango direla. "Urteak daramatzate lantoki handien aldeko neurriak hartzen, zentro txikiak alde batera utzita eta geografia osoan sakabanatuta". Sail sindikala "langile guztien interesak defendatzen" saiatuko dela ziurtatu du, kaleratzeei aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!