Navarra Sumak ez du militar kolpista ohien kontra egin nahi izan

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 16a, 10:19
Enrique Maia alkatea, udaletxean egindako agerraldi batean.

Atzo, EH Bilduren ekimenez, 26 milioi pertsona fusilatzea proposatzen zuten Espainiako militarren solasaldien aurkako adierazpena bozkatu zuten Iruñeko Udalean. Navarra Sumak ez zuen babestu, ezta Voxen babes mezuak gaitzetsi ere.

Iruñeko Udaleko alderdi guztiak horrelako basakeria bat proposatzen zutenen kontra azalduko zirela zirudien, baina ez zen aho batez atera adierazpena. Navarra Sumak ez zuen babestu, eta ez zituen ezta Voxek azaldutako babes mezuak gaitzetsi ere.

Erantzuna Joseba Asiron EH Bilduko zinegotziak eman zien. Eskuin muturraren “morroi”, “menpeko” direla esan zien Asironek.

Testuinguru honetan heldu da udal aurrekontuen eztabaida. Momentuz Enrique Maiak ez du bere proiektua aurrera eramateko sostengurik eta berriz ere isolatuta geratu daiteke, akordioak lortzeko ezintasuna erakutsiz. Seigarren aldia da horrelakorik gertatzen zaiola.

Baina, bat-batean, badirudi PSNk arnasa emango diola. Gaur PSNko zinegotzien aurrekontuen inguruko agerraldia egingo duten arren, atzokoan jada Maite Esporrin zinegotzia Maiaren proiektuaren alde egiteko prest agertu zen, baldin eta Navarra Sumak sozialisten ekarpenak onartzen baditu. Adierazpen horiek pozik hartu dituzte Navarra Sumako alkatetza bulegoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!