Gora egin du langabeziak azaroan

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 2a, 09:18

Irailean baino 619 pertsona gehiago daude langabezia egoeran. Azken hilabetean %1,59 hazi da zenbatekoa. Azken urtean, ordea, %21,94 egin du gora.

Langabeziak gora egin du azaroan Nafarroan, 619 langabe gehiago zenbatu baitituzte. %1,59ko gorakada izan da. Guztira 39.527 langabe daude, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak gaur jakitera eman duenez. Azken urtean, %21,94 igo da langabezia Nafarroan. Iaz baino 7.111 langabe gehiago daude egun. 

Azaroan, langabeziak nabarmen egin zuen gora zerbitzuen sektorean, 448 pertsona gehiago baitaude izena emanda. Industriak 112 langabe gehiago ditu eta eraikuntzak, 28. Hala ere, nekazaritzan 44 langabe gutxiago daude. Aurreko enplegurik gabeko kolektiboaren langabeziak 75 pertsona gehiago batu zituen.

Nafarroan langabezian dauden 39.527 pertsonetatik 16.604 gizonak dira eta 22.923 emakumeak; 4.685 25 urtetik beherakoak dira (2.392 gizon eta 2.293 emakume) eta gainerakoak, 34.842 (14.212 gizon eta 20.630 emakume), adin horretatik gorakoak.

Sektoreka, langabe gehienak zerbitzuen sektorekoak dira, zehazki 26.157; 5.213 industriakoak, 2.259 nekazaritzakoak eta 1.788 eraikuntzakoak. Gainera, 4.110 aurreko enplegurik gabeko kolektibokoak dira.

Kontratazioari dagokionez, azaroan 26.559 kontratu egin ziren Nafarroan, aurreko hilean baino 4.096 gutxiago, hau da, %13,36 gutxiago. Aurreko urtearekin alderatuta, 4.723 kontratu gutxiago egin dira (%15,10 gutxiago).

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!