2021erako aurrekontu proiektuari 510 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 1a, 09:33

Navarra Sumak aurkeztu ditu zuzenketa gehien, 242, guztira. Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko lege proiektuari ere eskuineko koalizioak aurkeztu dizkio zuzenketa partzial gehien, 72tik 43.

2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea amaitu da. Talde eta elkarte parlamentarioek guztira 510 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte, horietatik 481 dira gastu partidei buruzkoak eta beste 29 dira artikuluei buruzkoak.

Navarra Suma izan da aurrekontu ildoei zuzenketa partzial gehien aurkeztu dizkien taldea, 242 hain zuzen. Haren atzetik, Geroa Baik 61 aurkeztu ditu, PSNk 55, EH Bilduk 43, Podemos-Ahal Duguk 21, eta I-Ek 19. Horraino 441 zuzenketa, partida ekonomikoei aurkeztutako 481etatik.

Gainerako 40 zuzenketen sinatzaileak askotariko konbinazioetan elkartu dira. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk 8 aurkeztu dituzte, eta lau gehiago I-Erekin batera. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk 4 adostu dituzte eta beste hainbeste I-Erekin batera.

Geroa Bai eta EH Bilduk 6 sinatu dituzte, beste 5 Podemos-Ahal Dugurekin batera, eta 2 gehiago azken talde horrekin eta I-Erekin batera. Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk bat sinatu dute elkarrekin eta beste bat I-Erekin batera. PSN eta Geroa Baik bat sinatu dute. Gainera, EH Bilduk bat sinatu du Podemos-Ahal Dugurekin eta beste bat I-Erekin. Azkenik, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bi sinatu dituzte.

Artikuluei buruz, Navarra Sumak 18 aurkeztu ditu; PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk 7 batera eta 3 gehiago I-Erekin elkartuta; eta azken talde horrek beste bat aurkeztu du bere kabuz. Guztira, 29.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Lege proiektua dela eta, Navarra Sumak 43 zuzenketa aurkeztu ditu, I-Ek 12, eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk 17 batera. Guztira, 72.

Mahaian eta Batzarrean onetsitako tramitazio egutegiaren arabera, abenduaren 14tik 18ra bitartean zuzenketa partzialak Ekonomia eta Ogasun Batzordean eztabaidatuko dira. Azkenik, Parlamentuaren Osoko Bilkurak abenduaren 23an eztabaidatuko ditu Batzordearen irizpenak, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko eta Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko foru lege proiektuak direla eta.

Lehengo ostegunean, azaroak 26, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuak gainditu egin zuen Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa. Beste ezein taldek ez zuen onartu Kontu Orokorrak atzera itzultzea Legebiltzarreko talde gehiengodunak proposatzen zuen bezala.

2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 11n onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 4.870,5 milioi eurokoa da.

Kontuetan jasotako 4.870,5 milioi horietatik 4.481,4 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 389,1 milioiak finantza-gastuetarako dira (zorra amortizatzeko eta interesak ordaintzeko).

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,28 igo da 2020ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.256,6 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 224,8 milioiko aldea dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!