Josetxo Arizkuren preso iruindarra etxeratzeko eskatu du Sarek Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 1a, 09:08

Josetxo Arizkuren Iruñeko euskal presoak bihotzekoa izan du azaroaren 29an eta ospitalean da. Informazio urria dutela eta senide zein konfiantzazko medikurik gabe dagoela salatu du Sare Herritarrak. 

 

Josetxo Arizkuren preso iruindarraren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo Iruñean Sare Herritarra plataformak. Azaldu duenez, Arizkurenek "aspalditik dauka diagnostikatua kardiopatia iskemiko larri bat. Denbora luzea darama gaixotasun larri honi baldintza gogorretan aurre egiten, urrundua Murtziako espetxean eta zigorraren hasieratik lehen graduan. Duela gutxi jakin berri genuen Logroñora lekualdatua izango zela eta bigarren gradura igaroko zutela". Sarek salatu du berandu iritsi dela aldaketa hori: "Berandu dator eta gainera ez da nahikoa! Gaixotasun larria duen presoa izanik, duela denbora behar lukeelako zigorra etxean betetzen, artatze egoki bat jaso eta gertatutakoa ekidingo zuen eremu babestu eta lasaian biziz".

Aaroaren 29an "bihotzeko baten amagoa" izan zuela esan zieten, biharamunean, berriz, bihotzekoa izan zela eta ospitalizatua dagoela: "Ez dugu beraz bere osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotuz. Guzti honi, urrundua izatearen eta ondorioz senide, konfiantzazko medikuen zaintzarik gabe egotea gehitzen zaio". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!