Berri Txarrak taldearen 'Dardara' jaso du irudian Marina Lameiro zinemagileak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 27a, 14:59

DARDARA film dokumentala 2021eko lehen hiruhilekoan estreinatuko da. Arena Comunicación eta Txalap.art-ek ekoitzi dute eta Atera Films-ek banatuko du.

Dagoeneko eskugarri dago Marina Lameiro zinegile nafarraren DARDARA bigarren film luzearen trailerra. Trailer horren aurrerapen bat atzo ikusi ahal izan zen Gaztea Sariak banatzeko ekitaldian. Durangoko Azokaren 55. edizioan ere ikusi ahal izango da, on-line, abenduaren 4tik 8ra.

2019an bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrakek etenaldi mugagabea iragarri zuen baita urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan aritu baitziren. Marina Lameiro zinegileak bertatik bertara jarraitu zuen bira eta bertan jasotakoak ekarri ditu DARDARA film luzera.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta,Lameirok erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean BTXek utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskara— eta belaunaldi bat —bere kideena— gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar García Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Pérez Martínezek koordinatu du Miguel García Irabururen posprodukzioa. Álvaro García Echeverría arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzálezek soinua editatu eta nahastu du. Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

DARDARA Arena Comunicación eta Txalap.art-en ekoizpena da, Only in Dreams-ekin lankidetzan. EiTB MEDIA partaide gisa ageri da. Filmak Nafarroako Gobernuaren Generazinemaren, Caja Navarra Fundazioaren eta "La Caixa" Fundazioaren Innova-Cultural programaren eta Etxepare Institutuaren laguntzak jaso ditu. Atera Films arduratuko da banaketaz. 

DARDARA 2021eko lehen hiruhilekoan estreinatuko da zinema-aretoetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!