Adineko emakumeek "indarkeria bikoitza" jasotzen dutela salatu du Oneka plataformak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 25a, 09:09

Emakumeen arteko batasuna ezinbestekoa dela aldarrikatu du euskal emakume pentsionisten plataformak: "Adineko emakumeok gure ahulezia propioak gainditu behar ditugu indarkeria-mota guztiak salatzerakoan".

Emakumea eta adinekoa izatea indarkeria matxista sufritzeko "arrisku handiko" faktoreak direla ohartarazi du Oneka euskal emakume pentsionisten plataformak: "Pandemia-egoera honetan bizi beharra gehitzen badiogu, konfinamenduekin, harremanen murrizketekin eta abarrekin, indarkeria mota desberdinak pairatzeko arriskua areagotu egiten da, eta indarkeriak berak dakarren pandemiari, COVID19arena, gaineratzen zaio".

Indarkeria egoera "bikoitza" salatzeko emakumeen batasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela adierazi du plataformak, ohar bidez. "Adineko emakumeok gure ahulezia propioak gainditu behar ditugu indarkeria-mota guztiak salatzerakoan; izan ere, geure buruarengan segurtasun-falta izateak eta salatzeko orduan lotsa sentitzeak, menpekotasunean eta isiltasunean murgiltzen gaitu".

Azaroaren 25ean eta urteko gainerako egunetan "zigorgabetasunean ez uzteko emakumeenganako inolako erasorik" borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu du plataformak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!