Gazte langileen prekaritatea salatzeko mobilizazioa eginen dute LABek eta Ernaik

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 23a, 16:17

“Etorkizuna argitzera goaz” lelopean, mobilizatzera deitu dituzte gazte langileak LABek eta Ernaik. Hitzordua azaroaren 27an izanen da, 19:00etan, Iruñeko Entzierroaren monumentuaren parean, Karlos III.a etorbidean.

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek agerraldia egin dute gaur, Decathlon enpresak Berriozarren duen saltoki handiaren parean, gazte langileen prekaritatea salatzeko ostiral honetan Iruñean mobilizatuko direla iragartzeko. LABek eta Ernaik adierazi dute "Black Friday eta gisako ekimen kapitalistek kontsumismo basatia" sustatzen dutela eta milaka langile gazte, emakume eta migratzaile “erabili eta botatzeko langile” bilakatzen dituztela: “Bizi-baldintza eta lan-baldintza tamalgarrien sinonimoa da Black Friday. “Erabateko behin-behinekotasuna dakar, partzialtasuna, estaldurarik eza eta gizarte-prestaziorik eza. Etorkizun beltzera kondenatzen gaitu. Baina gu etorkizuna argitzera goaz”.

LABek eta Ernaik salatu dutenez, gazte langileen Nafarroa Garaiko langabezia datuak gero eta "tamalgarriagoak" dira. Urriko datuen arabera, 2020ko otsaileko datuekin alderatuta, 25 urtetik beherako 1.331 gazte gehiago daude lanik gabe; horrek erran nahi du % 42ko igoera izan dela; denetara, Nafarroan 25 urtetik beherako 4.515 gazte daude langabezian. Bertzetik, aipatzekoa da langabeen erdiek 35 urte baino gutxiago dituztela; 35 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 20,2koa da -hau da, bortzetik bat langabezian dago- eta behin-behinekotasun tasa %52,4koa dela.

Black friday eta gisakoek, ordea, ez dituzte halako zenbakiak zuzenduko, LABen eta Ernairen ustez. “Black Friday ez da egun soil bat, aste oso bat baizik, mugarik gabe kontsumismoa ospatzeko, gure bizitzak eta emozioak diruaren eta kontsumoaren bidez merkaturatzeko. Beste era batera esanda, alde batetik, multinazional handien (Media Markt, El Corte Ingles, Amazon, Inditex, …) diru-sarrerak mugarik gabe handitzeko estrategia kontsumista bat da, merkataritza txikia suntsituz. Bestetik, gure bizi-erritmoa bizkortzea. Gero eta denbora gutxiago dugu atseden hartzeko, gozatzeko eta zoriontsu izateko. Denbora guztia lan egiteko eta kontsumitzeko erabiltzen dugu”.

“Black Friday, beraz, dirua eta kontsumoa da, gutxi batzuentzako mozkinak handitzea”, esplikatu dute LABek eta Ernaik. “Neoliberalismoa da, kapitalismoa. Gure lanen prekarizazioa dakar, berez, lan-baldintza kaskarrekin. Gainera, eragiten duen kontsumismoak bizitza- eta lan-erritmo onartezina ezartzen digu, eta horrek gure atsedena eta gure familiekin eta lagunekin izan nahi dugun bizitza baldintzatzen du”. Hari horri tiraka, LABek eta Ernaik Nafarroako Gobernua eta enpresaburuak kritikatu dituzte igande eta jaiegunetan irekitzeko 2021eko egutegia egun bat luzatzea adostu dutelako. “Bost axola zaizkie zaie gure osasuna, kontziliazioa, atsedena eta lan-baldintzak”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!