Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19ak eragindako 113 kasu positibo berri atzeman zituzten atzo Nafarroan, osasun sistema publikoan 1.221 proba (990 PCR eta 231 antigeno test) egin ostean (%9,2).
Pandemiaren bilakaerari buruzko ikuspegi epidemiologikotik, atzo gaixotasun horrekin lotutako bi ospitaleratze berri izan ziren, bat ere ez ZIUn. Bost pertsona zendu ziren, 85, 88 eta 91 urteko hiru gizon eta 78 eta 86 urteko bi emakume. Beraz, arrazoi horrek eragindako heriotzen guztizko kopurua 847koa da.
Zonaldeka, Iruñerrian positiboen %63 erregistratu dira, eta Tuteran eta Lizarran, kasuen %13. Gainerako positiboak (%11) Nafarroako beste eremu batzuetan daude.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 246 pertsona ospitaleratuta daude COVID-19arekin (atzo baino 6 gutxiago), horietako 41 ZIU lanpostuetan daude (atzo baino 2 gutxiago) eta beste 34 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gutxiago). Gainerakoak, 171 paziente, plantan daude. Pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, infekzio hori izan edo ez ospitaleratzearen arrazoia, eta COVID-19 espazioak okupatzen dituzte.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko igorpenen arabera, 38.648koa da Nafarroan.
Baheketak Vianan eta San Francisco Javier zentroan
Astelehen honetan hasi da COVID-19a detektatzeko baheketa Vianan bizi diren 14 urtetik gorako 2.200 pertsona ingururi (1.100 inguru egunero). Osasun Saila herriko Udalarekin elkarlanean ari da baheketa egiten.
Probak gaur eta bihar (azaroaren 24an) egingo dituzte Lizarrako Osasun Arloko profesionalek, 09:30etik 19:00etara, ordutegi jarraituan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzua eta Vianako Udaleko administrazio-talde bat indartuta.
Bestalde, joan den ostiralean Iruñeko San Francisco Javier zentroan egindako ohiko kontrol batean hiru kasu positibo detektatu zirenez, esparru soziosanitarioan hartutako prebentzio-neurrien barruan, baheketa espezifiko bat egin zaie 82 egoiliarrei, eta 29 kasu detektatu dira. 56 eta 96 urte bitarteko pertsona horiek positibo eman zuten probetan, eta zentroa sektorizatuta dagoen lau bizikidetza-unitateetatik hirutan daude.