Aurrekontuen aurka, bakarrik gelditu da Navarra Suma

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 23a, 15:13

Parlamentuko talde guztiek kritikatu dute osoko zuzenketa aurkezteko erabakia; eta hortaz, aste honetako osoko bilkurara begira, argi gelditu da Navarra Suma bakarrik gelditu dela. 

Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko ziela iragarrita, eskuineko koalizioak agerian utzi du gobernuari bere babesa eskaintzeko estrategia “tranpa politiko bat” baino ez zela. Hori da proiektua aurrera atera duten taldeek uste dutena.

EH Bilduren irudiko, Navarra Sumak erakutsi du ez duela ekimen politikorik, eta aurrekontuaren edukia gorabehera, helburu bakarra duela: "EH Bilduk aurrekontu aurreproiektua negoziatzeko gaitasuna baztertu eta edukietan izan dezakegun eragina deusestatu nahi dute"

Navarra Sumako Carlos Perez Nievasek arrazoia eman dio parlamentari abertzaleari. Haien helburua EH Bilduk "ahalik eta presentzia politikorik txikiena" izatea dela onartu du. Duela aste batzuk, Navarra Sumak sintonia eta jarrera ona zituen hizpide; bada, jada ez dago horren arrastorik. Orain diote aurrekontuak txarrak direla gizartearentzat eta EH Bilduk agindu dituela.

Gobernua sustengatzen duten taldeei dagokienez, PSNk "koherentzia falta, gezurra eta manipulazioa" leporatu dizkio hirukoari, nafarrentzat beharrezkoak diren aurrekontu batzuen aurka egiteagatik. Haren kide nagusia, Geroa Bai, ez da sartu horrenbeste Navarra Sumaren estrategiaren aurkako kritika egitera, eta haren zuzenketak atzera botatzeak datorren urterako izango duen garrantzia nabarmendu du.

Ahal Duguren iritziz, Navarra Sumak, aurrekontuak, eta haiekin batera, sistema publiko osoa bera bertan utzi nahi ditu; baina bakarrik gelditu da, gainerako indarren akordioaren marjinan.

Izquierda- Ezkerrak ere berretsi egin du aurrekontu proiektua babestu eta ez dituela Na+ren osoko zuzenketak babestuko, eta hortaz, talde guztien gaitzespenarekin, Navarra Suma bakarrik gelditu da aste honetako osoko bilkurara begira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!