Emakumeen eskubideak hari batetik zintzilik daudela salatuko dute azaroaren 25ean

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 20a, 14:11

Datorren asteazkenean, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna izango da, eta protesta ekitaldi handiak egitea ezinezkoa izango den arren, Indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformatik kalera ateratzeko deia egin dute.

Aurtengo azaroaren 25erako hautatu duten leloa ‘Pendiendo de un hilo, haria elkarrekin lotu’ da, azken urteetan egindako lana gorabehera, andreen aurkako indarkeriak hor jarraitzen duelako, eta osasun krisiarekin areagotu egin delako. Finean, emakumeen eskubideak hari batetik zintzilik daudelako. 

Koronabirusaren izurriak egiturazko desberdintasuna nabarmendu, bultzatu eta naturalizatu egin duela salatu dute, eta horri aurre egiteko, zenbait neurri exijitu dizkiete erakundeei: besteak beste, herritar guztiengana iritsiko diren kalitatezko zerbitzu publikoak, emakumeentzako babes sareak, migrazio legea deuseztatzea, edota kontziliazioa bermatzeko lan baldintzak. Finean, bizitzak erdigunean jartzeko eredu aldaketa bat.

Aurten ezinezkoa izango da protesta ekintza jendetsurik egitea, baina beharrezkoa ikusten dute aldarrikapenak kalera ateratzea; horregatik, elkarretaratzeak egingo dituzte. Ekintza nagusia Iruñeko Gaztelu plazan izango da, eguerdiko 12etan, eta auzoz auzo eta herriz herri arratsaldeko zortzietan bilduko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!