Inoizko ekarpenik handiena bildu du euskalgintzarako Errigorak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 19a, 13:37

2020ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina bukatuta, banaketari ekin diote antolatzaileek.

16.000 saskitik gorako eskaera jaso du aurten Errigorak. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka zortzigaren kanpaina “berezia” izan dela aitortu dute ekimena sustatzen duten AEK, Ikastolen elkartea, Sortzen eta Errigoraren ordezkariek: “Berezia, denok dakigun bezala, pandemiak eraginda, ezohiko egoeran aritu behar izan dugulako. Ingurukoekin harremantzeko aukerak mugatuta, inoizko baldintza okerrenak izan ditugu auzolanerako. Baina, aurtengo kanpaina berezia izan da, batez ere, sasi guztien gainetik elkartasuna nagusitu delako. Inoizko baldintza gaiztoenetan inoiz baino ekarpen handiagoa bildu dugu euskalgintzarako: 302.000 euro”.

Emozionaturik eman dute datuen berri: “Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez”.

Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldean behar handiak ditu euskalgintzak lehendik ere, eta diru honek balioko du AEK-k dituen euskaltegien, bertako ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzeko. Baita Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara plazara ekarri nahi duen egitasmo berriak, Agerraldiak, bere agenda garatzeko nahikoa baliabide izan dezan ere. Aurten, gainera, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin diete AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!