Astelehenean irekiko dute EGA lortzeko matrikula egiteko epea

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 19a, 12:51

Interesdunek telematikoki edo Informazio Bulegoan egin dezakete matrikula, abenduaren 17ra arte.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak datorren astelehenean, azaroak 23, irekiko du EGA Euskarazko Gaitasun Agiria lortzeko matrikula egiteko epea, abenduaren 17ra arte.

Interesdunek telematikoki egin dezakete matrikula, Hezkuntza Saileko Erregistro Orokor Elektronikoan edo Informazio Bulegoan, 08:30etik 14:30era, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da.

Izangai bakoitzak 26,20 euro ordaindu beharko ditu azterketa-eskubide gisa. Lehen kategoriako familia ugarien kasuan 13,10 euro ordainduko dira, eta matrikula doakoa izango da bigarren kategoriako familia ugariko kideentzat, deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala. Informazio gehiago lor daiteke Interneten, EGA tituluari buruzko Nafarroako webgunean, edota 848 42 66 13 eta 848 42 65 93 telefonoetan, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Titulua lortzeko hiru proba gainditu behar dira: atarikoa, idatzia eta ahozkoa. Lehen deialdiko azterketa, atarikoa, 80 galderako test bat izango da, hizkuntza-baliabideen ezagutza eta ahozko eta irakurmenaren ulermena ebaluatzeko.

Bigarren proba idatzizkoa da, eta bi lan egin behar dira. Ebaluazioa amaitzeko, ahozko proba bat egingo da, eta bi ariketa ere egingo dira. Lehenengoa, testu bati buruzko ahozko azalpena, bost minutukoa, eta, bigarrena, hamar minutuko elkarrizketa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!