Genero indarkeriaren aurrean "begiak zabaltzeko" eskatu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 18a, 06:01

Nafarroako Gobernuak, Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren bitartez, kanpaina bat jarri du abian, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren karietara, 'Ireki begiak. Berdintasunean aurrera egiteak emakumeen aurkako indarkeria ezabatzen du' goiburupean.

Kanpainak herritar guztiei eskatzen die, modu sinbolikoan, genero indarkeriaren aurrean "begiak irekitzeko eta benda kentzeko"; hau da, eremu pertsonalean, familiarrean, sozialean eta lanekoan gertatzen diren eguneroko indarkeriak identifikatzeko eta horiek desagerrarazteko konpromisoa hartzeko.

Beste helburu batzuen artean, pertsona bakoitzak bere portaera berrikus dezan eta bere egunerokotasunean berdintasunezko jarrerak eta jokabideak txertatzearen eta sustatzearen aldeko apustua egin dezan gonbidatzen du leloak.

Kanpaina zabaltzeko, webgune espezifiko bat jarri da martxan, material eta baliabideak biltzen dituena. Gainera, kanpainaren kartela Nafarroako Gobernuko departamentu eta zerbitzuen eta tokiko erakundeen artean banatuko da. Kanpaina foru erkidegoko egunkari, irrati eta tokiko aldizkarietan ere egongo da. Halaber, iragarki bat egin dute. Kanpainak 60.000 euroko aurrekontua izan du.

Kanpaina denboran irautea nahi dute; hala, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak urte osoan zehar erabiliko dira enpresak, elkarteak eta gainerako gizarte eragileak sentsibilizatzeko tresna gisa.

Ekintza instituzionalak

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala aurkeztuko du asteazkenean, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen guztiak gaitzesteko eta indarkeria hori emakumeen bizitzatik ezabatzeko konpromisoa adierazteko. Egun horretan bertan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratze isil batera deituko ditu herritarrak, Nafarroako Jauregiaren atarian.

Beste urte batzuetan bezala, esku morearen ikurra eta Indarkeria matxista gehiagorik ez leloa duten olanak zintzilikatuko dituzte berriro Nafarroako Jauregiko balkoietan.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta

Foru gobernuak azaldu duenez, INAIren bidez, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko talde sare bat du, eta aurten profil profesionalen kopurua handitu egin da.

2019ko urtarriletik irailera bitartean 107 emakume eta 98 seme-alaba artatu ziren Nafarroako harrera baliabideetan (larrialdi-zentroa, harrera-etxea eta egoitza-pisuak). Aldi berean, aurten 90 emakume eta 82 seme-alaba artatu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!