Hamar urte hil dira Xabier Lete poeta hil zela, eta Karrikiri elkarteak hari omenaldi egiteko zikloa antolatu du, Nafar Ateneorekin elkarlanean.
Bi atal izango ditu omenaldiak. Lehenengo ekitaldia heldu den astelehenean izango da, hilaren 23an, Kondestablearen jauregian. Anjel Lertxundi eta Alex Gurrutxaga idazleek Xabier Lete, historiaren tabernan izeneko hitzaldia emango dute, arratsaldeko 19:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Bohumil Hrabal idazle txekiarraren arabera, “belarria jarri eta kontakizunen sorta bat sortzen da tabernako jardun hutsaletatik. Halako jardun askok lortzen omen du edale baten edo bestearen bihotzean. Hartan, tabernako istorio eta egunerokotasun tristetik zerbait ederra ernaltzea pentsamendu asko bihurtzen dira iraunkorrak. Taberna, herriko plaza, kaleak, herritarrak… Letek liburuetan biribiltzen zuen kalean entzundakoa: ahozkoak eta idatziak, bi-biek egiten dute bat Leteren poetikan”. Leteri eta haren lanari buruz solastatuko dira Gurrutxaga eta Lertxundi.
Abenduaren 17an, berriz, Hor zaude nonbait goiburupean, Antton Valverdek lagun izandako Leteren olerkien kantu sorta eskainiko du, eta beste musikari bat izango du aldamenean: Joxan Goikoetxea akordeoilaria. Horrez gain, Klara Mendizabal sopranoaren ahotsak eta Francisco Herreroren biolin/biolak lagunduko diete kontzertuan. Ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da, arratsaldeko 19.30ean.