Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak, Hatortxu Rocken arituko direnen artean

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 17a, 07:50
Koban taldea izango da parte hartuko dutenetako bat.

Internet bidez egingo dute Hatortxu Rock jaialdia, abenduaren 26an, eta gaur jakinarazi dute zer talde eta musikarik parte hartuko duten.

Urte amaiera bakoitzean, 21 urtez, sakabanaketa politikaren ondorioei aurre egiteko Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak milaka pertsona bildu ditu. Aurten, ordea, jaialdia beti bezala egitea ezinezkoa izango da; baina antolatzaileen esanetan, “inoiz baino beharrezkoagoa” izango da: “Errepresaliatu politikoen senideen beharra inoiz baino handiagoa da. Izan ere, dispertsio politikak gastu izugarriak sortzen ditu oraindik ere eta, aldiz, honi aurre egiteko diru sarrerak eten egin dira pandemiaren ondorioz”

Hori dela eta, egoerara egokitu, eta jaialdiari eutsiko diote. Batetik, María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando eta Alex Sardui musikarien laguntzarekin taularatuko dituzte.

Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeek eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte. Horrez gain, Erika Olaizola aktorea eta Lander Garro zinemagileek ere haien ekarpena egingo diote ikuskizunari.

Hatortxu Rockeko antolatzaileek gogoratu dutenez, osasun krisiak "gogor kolpatu ditu" espetxeak eta bertan daudenen zein haien gertukoen eskubideak; trabak ugaritu egin dira. Bisitak murriztu egin dituzte eta ez dira gutxi izan milaka kilometro egin ostean haien senide edo laguna ikusi gabe etxera itzultzera behartu dituztenak. “Arrazoi bat gehiago, 32 urte eta gero, 16 heriotz eragin dituen sakabanaketa honekin amaitzeko", nabarmendu dute.

Sarrerek 12 euroko prezioa dute, eta Hatortxu Rock jaialdiaren webgunean daude eskuragai.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!