Gazteek prekarietatea zer den dakitela argudiatuta, Ernai gazte antolakundeak esku hartze sozialeko sektoreak bizi duen egoera salatu du: oinarrizko zerbitzu sozial publiko pribatizatua dela, nerabe eta gazteenganako arreta zerbitzuaz arduratzen dela, eta langileen artean gazte asko daudela azpimarratu dute. Askorentzat, gainera, ikasketen osteko lehen lana izaten da.
“Esperientzia eskatzen digute, ikasketak eskatzen dizkigute, lana bikain egitea eskatzen digute, eta gainera sumiso izatea eskatzen digute, ez kexatzea, gure baldintzen inguruan ez galdetu eta hauen alde ez borrokatzea”, adierazi dute ohar btean.
Esku hartze sozialaren sektorean 2010etik soldata igoerarik gabe daudela salatu dute, langileei trebakuntza handia eta ikasketa titulu ugari eskatzen dizkieten bitartean; antzinatasunik eta beste osagarririk ez dutela kobratzen, eta kontratuak behin-behinekoak izan ohi direla. Horri guztiari “aurre egin” eta “aski dela” esateko, hitzarmen kolektibo duin baten aldeko negoziazioak hasi zituzten 2019ean, baina, salatzen dutenez, ANEIS patronalak ez du eskaera onartu nahi.
“Guk argi dugu: langileon eskubideak errespetatu behar dira, eta aitzakiek ez dute balio. Gizarte lanak lehentasunezkoak dira, eta ezin dira diru iturri bezala erabili”, adierazi du Ernaik. “Helburuak eta baldintza onak borrokaren ondorio dira eta guk ere zer esana dugu honetan: ez dugu onartzen unibertsitatetik edo goi ziklotik prekarietatera igarotzea inposatzea”.
Horregatik, LAB sindikatuak hilaren 17rako deitutako greba babestu du Ernaik. Goizeko 11:20ean Hezitzaileen Eskolako ikasleek zutabea egingo dute San Frantzisko plazatik, eta12:00etan, Gonzalez Tablas kaletik abiatuko den manifestazioan parte hartuko dute. Arratsaldean, berriz, 18:00etan Nafarroako Parlamentutik abiatuko den manifestazioan parte hartuko dute.