Plaza de la Cruz Institutua, osasun-langileak eta Osasuna taldea, 2020ko Urrezko Dominarako hautagaiak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 11a, 13:52

Nafarroako Gobernuak erakunde horietako bati emango dio saria azaroaren 18an.

Bi erakundek eta talde profesional batek eskuratu ahal izango dute Nafarroako 2020ko Urrezko Domina, hautagaiak aurkezteko prozesua amaitu eta epaimahaiak onetsi ondoren. Hain zuzen ere, Plaza de la Cruz Institutua, osasun-langileak eta langile soziosanitarioak eta Club Atletico Osasuna dira hautagaiak. Nafarroako Gobernuak  gaurko bilkuran jakin du zein den epaimahaiaren proposamena, eta saria azaroaren 18an emango dio hiru erakundetako bati edo profesionalei.

Hirugarren urtez jarraian, hautagaiak aurkezteko proposamena herritar guztiei irekita dago, eta norberaren izenean edo erakunde baten ordezkari gisa egin dezakete proposamena Nafarroak ematen duen saririk handiena emateko, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Foru Komunitatea kanpoan proiektatzen laguntzeagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboei.

Saritutako erakundeak edo taldeak Maria Txibite lehendakariaren eskutik jasoko du saria, osasun-protokoloek eskatutako baldintzetara egokitutako ekitaldian. Ekitaldia datorren abenduaren 3an izango da, Nafarroaren Egunarekin bat eginez.

Epaimahaiaren lehendakaria Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria den Javier Ramirez izan da, eta berak nahiz epaimahaia osatzen duten gainerako pertsonek onartu dute “aurkeztutako hautagaien egokitasuna, ehun urtetik gorako ibilbideko, sustraitze handiko eta gizarte-kohesiorako faktore izateagatik” edo, osasun-sektore eta soziosanitariorako proposamenaren kasuan bezala, “egungo pandemia-egoeran haien lana goraipagarria izan delako eta horrela izaten jarraitzen duelako”.

Hautagaiak

Bigarren Hezkuntzako Plaza de la Cruz Institutuaren proposamena banaka aurkeztu dute Nafarroako Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Iruñeko Udalak. Haien eskaera-idazkietan, beste meritu batzuen artean, nabarmendu dute zentroak sortu zenetik 175. urte bete dituela. Foru Aldundiaren eta Iruñeko Udalaren arteko ekimenez sortu zen, eta, garai hartan, Espainiako bigarren hezkuntzako 13. ikastetxea izan zen eta Nafarroako bakarra mende batez.

Osasun-langileen eta langile soziosanitarioen hautagaitza AFAPNA sindikatuak proposatu du eta sari hau emateko eskatu du “COVID-19aren pandemian arreta abnegatua eskaintzeagatik eta gure komunitate osoko osasuna bermatzen duen ohiko lanarengatik”.

Club Atlético Osasunari dagokionean,  egin du proposamena, eta, eskaeran klubaren mendeurrena gogorarazteaz gain,  “Nafarroako kirol nazionalaren eta nazioartekoaren erreferente gorena" dela nabarmendu da, "haren balio, sustraitze eta harrobiarekin batera". Gainera, "euskarazko izena duen futbol talde profesional bakarra da, eta emakumezkoen futbolaren eta desgaitasuna duten pertsonentzako Genuine Liga bezalako ekimenen adierazgarri handiena ere bai".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!