2021ari lanegun igande berri bat gehitu izana kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 6a, 17:48

LABek eta ELAk kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuak "ontzat eman" izana Merkataritza Batzordeak igandeetan eta jaiegunetan irekitzeko proposatu duen egutegia.  2021ean sei jaiegunetan irekitzea baimentzen du egutegiak, aurreko urteetan baino egun bat bat gehiago.

2021ean sei igande eta jaiegunetan zabaldu ahalko dira saltokiak, aurreko urteetan baino jaiegun bat gehiago. Merkataritza Batzordeak egindako egutegi proposamena onartu du Nafarroako Gobernuak. LAB eta ELA sindikatuen ustez "atzerapauso larria" eta gobernuari "patronalaren interesen" menpe jardutea egotzi diote. "CENek erabakitzen du zenbat igande eta jaiegun ireki, eta Nafarroako Gobernuak baimena ematen die sindikatuekin inolako kontrasterik egin gabe", adierazi du ohar bidez ELAk. 

LAB sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, igandeetan eta jaiegunetan irekitzea "ez da beharrezkoa", eta "gizarteak gainerako lanegunetan beharrezko erosketak egiteko gaitasun nahikoa du, eta horrela frogatu da, batez ere udaberrian bizi ditugun konfinamendu egunetan". ELAk igande eta jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurkako eragile guztiei batera mobilizatzeko deia egin die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!