Kontzertu aretoek zuzeneko musikarako unerik "kritikoenean, gorabeheratsuenean eta zalantzazkoenean" ahotsa altxatu nahi dute berriro; izan ere, horietako ia guztiak itxita daude pandmiaren hasieratik. Hori jakinarazteko, dei berezi bat egin nahi dutw, zuzeneko emanaldiekin, baina ikuslerik gabe, eta streaming bidez jarraitu ahal izango direnak, ¿El último concierto? ekimenaren baitan. Estatu mailako proposamen bat da, eta azaroaren 18an egingo da. Euskal Herriko hamabost bat taldek parte hartuko dute.
Nafarroatik, oraingoz, Iruñerriko Zentral, Totem eta Indara eta Tafallako Informal aretoek bat egin dute ekimenarekin. Oraindik argitzeke dauden hainbat artistak joko dute egun horretan lokal horietako bakoitzean, streaming bidez emango den jaialdian. Kontzertuak zuzenean jarraitu ahal izango dira, 20:00etatik aurrera, www.elultimoconcierto.com webgunearen bidez.
Zentralen, "artista sorpresa bat" arituko da, baina aretoak ez du azken unera arte argituko, "ekimenak eragin handiagoa izan dezan". Atarrabiako Totem aretoa ere lanean ari da hilaren 18an streaming bidez zuzeneko "berezi" bat eskaini ahal izateko. Indarak egitasmoa babestu du, uste baitu gizarteari errealitatea hurbilduko diola, eta herritarrak kontzientziatzen lagunduko duela, aisialdiko eta kulturako enpresek gaur egun dituzten zailtasun handiez.