Nafarroako Gobernuak 2021erako Aurrekontuen aurreproiektua onartu du

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 4a, 12:34

Elma Saiz kontseilaria, beste prentsaurreko batean.

224,8 milioi euro gehiagoko gastua izango du. Elma Saizek adierazi duenez, kontuek “suspertze ekonomikoa” dute xede eta "inoizko anbiziotsuenak dira"

Nafarroako Gobernuak, asteazken honetako saioan, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du, 4.870,5 milioi eurokoa, aurreko urtean baino %6,49 gehiago. Gastu ez-finantzarioaren muga 4.481,4 milioi eurokoa izango dela aurreikusi dute, hau da, 224,8 milioi euro gehiago. Finantza gastuek 389 milioi euro suposatuko dute.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azaldu du aurrekontuen zatirik handiena arlo sozialean kokatzen dela, arreta berezia jarriz Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Eskubideei, aurrekontu ez-finantzarioaren % 55,06rekin. Proiektua "Nafarroako historiako anbizio handienekoa" dela adierazi du, eta "Nafarroa suspertzeko izango duten garrantzia" azpimarratu du.  Halaber, esan du pandemiak zeharkatzen duela aurreproiektua; zehazki, Covid-19ari aurre egiteko 150 milioi eurotik gora aurreikusten dituzte.

Aurreproiektua gobernu bilkuran onartu ostean, dokumentua Ekonomia eta Gizarte Kontseilura, Toki Araubidearen Foru Batzordera eta Ingurumen Kontseilura bidaliko da, aztertu eta txostena egin dezaten, foru lege proiektu gisa behin betiko onar dezaten. Ondoren, Nafarroako Parlamentura igorriko da, eztabaidatu eta onar dezan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!