Hego Euskal Herriko gobernuei “osasun neurri eraginkorrak” exijitu dizkio Ernaik

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 4a, 12:40
Ernaiko bi kide, Nafarroako Jauregiaren atarian.

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren atarietan protesta egin dute Ernai gazte antolakundeko kideek, ‘Gure hautua, bizitzak’ lelopean. “Antolatu eta mobilizatzera” dei egin diote gazteriari.

“Pandemia gelditzeko neurriak behar ditugu, behingoz, egoerak okerrera egin ez dezan. Ez da neurri arbitrarioak hartu eta kontrol sozialean sakontzeko ordua”. Hala adierazi dute Ernaiko kideek Nafarroako Jauregiko atarian egindako ekitaldian.

“Arduraz” jokatzeko unea dela diote, “irtenbide kolektiboak bilatzekoa”. Herritarrak horretarako prest daudela diote, “denen ongizateagatik” esfortzua egiteko; baina galdera egin dute: “Non dago arduradun politikoei dagokien bestelako lan guztia? Non daude inbertsioak? Non daude baliabideak?”.

Hori dela eta, Hego Euskal Herriko gobernuei “gutxieneko” zehatz batzuk bermatzeko eskatu diete: garraio publikoa indartu, hezkuntza ratioak jaitsi, alokairuaren ordainketak eten, lanpostuak defendatu, oinarrizko errenta bermatu eta kriminalizazioa gelditu. “Zerbitzu publikoen defentsan, irtenbide kolektiboak eraikiz”.

Pandemiari “eraldaketa soziala oinarri eta bizitzak erdigunean jarriz” erantzuteko lan egingo dutela berretsi dute, eta herri eta auzoetan “neurri eraginkorrak” lortzeko antolatu eta mobilizatzera dei egiten diote euskal gazteriari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!