Nafarroako konfinamendu perimetrala indarrean eta taberna eta jatetxeak itxita jarraituko dute hamabost egunez. Halaber, 23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua eta espazio pribatuetan bizikideekin bakarrik biltzeko araua mantenduko ditu gobernuak.
Gobernuak murrizketak luzatzea erabaki du, hainbat aldaketa eginda, eta tabernen eta jatetxeen etxez etxeko salmenta 22:30ak arte luzatu dute (lehen 21:00ak arte zegoen). Gainera, merkataritza-guneei %40ko edukiera mugatua bermatzeko eskakizun "handiagoa" egongo da.
Azken murrizketek kutsatze berrien "hazkunde esponentzialean behintzat eragina izaten hasi direla" azpimarratu du Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek. "Hartu ditugun neurriak eragina izaten hasi daitezke, zuhurtzia osoz". Ildo horretan, "kontaktu sozialak ahalik eta gehien murriztea" eskatu du.
Santos Indurain Osasun kontseilariak esan du kutsatzeak hazten ari direla, "baina erritmo motelagoan". Nolanahi ere, kontseilariak azpimarratu duenez, "kasuen kopuruak eta positibotasunak handia izaten jarraitzen du", beraz, "lortutakoa sendotu behar da, atzerapausorik ez izateko". "Panorama oso delikatua da eta inork ezin du ezer baztertu datozen egunetan izurritea nola doan ikusita", ohartarazi du.
Etxez etxeko konfinamendua
Nafarroan etxean konfinamendu bat ezartzeko aukerari buruz galdetu diete. "Aukera guztiak mahai gainean daude, ez dugu bat bera ere baztertzen, baina adierazle epidemiologiko eta sanitarioen bilakaeraren eta monitorizazioaren arabera", adierazi du Indurainek. Dena den, Javier Remirezek azpimarratu duenez, "etxeko konfinamenduak ez du alarma-egoeraren dekretuaren babesik, eta Estatuaren gaikuntza eskatuko luke".