Covid-19aren pandemiaren kudeaketa berriz ere mintzagai izan da Nafarroako Parlamentuan, eta berriz ere, oso interpretazio ezberdinak. Batetik, PSNk eta Geroa Baik txalotu egin dute gobernuaren azken neurri murriztaileek kutsatzeen "moteltze txiki bat" ekarri dutela, nahiz eta osasun egoera oso kezkagarria dela onartzen duten. Balizko konfinamendu gogor bati buruz galdetuta, Uxue Barkosek nabarmendu du osasun agintariek erabaki beharko dutela zer neurri hartu beharko diren aurrerantzean.
Bestetik, EH Bilduk, IEk eta Ahal Duguk eznahikotzat jo dituzte neurri horiek, eta neurri murriztaileez gain, krisi sozialari eta ekonomikoari aurre egiteko bestelako neurriak ere eskatu dituzte. Ildo beretik, osteguneko kontrol saioan, alderdi moreak gobernuari galdetuko dio martxoko itxialdiko esperientzia izan eta gero, balizko konfinamendu berri baten aurrean foru erkidegoaren errealitate guztietara egokituko den plan bat aurreikusten duen, biztanle zaurgarrienak babesteko.
Izquierda Ezkerraren ustez, litekeena da, egungo egoera epidemiologikoarekin, azken neurri murriztaileak beste 15 egunez luzatu behar izatea; uste du goiz dela jakiteko ea etxeko konfinamendua jarri beharko den, baina gobernuak erabaki hori hartzen badu, babesa emango diotela iragarri du Marisa de Simonek:
Gogorrena, beste behin ere, Navarra Suma izan da. Javier Esparza bozeramaileak porrot gisa definitu du gobernuak egindako krisiaren kudeaketa, eta gobernua errealitatea onartu eta hari aurre egiteko gai ez dela adierazi du. Konfinamendua aurreikusten ote duen galdetuta, esan du ezin duela bere iritzia eman, ez dituztelako horretarako beharrezkoak diren datuak, gobernuak ez duelako gardentasunik.