637 kasu positibo berri atzeman zituzten atzo Nafarroan, osasun sistema publikoan proba gehien egin ostean: 4.573 PCR bidez eta antigeno test bidez (544 test).
32 pertsona zendu dira aste honetan koronabirusaren ondorioz. Atzo lau heriotza izan zirela jakinarazi dute hiru emakumek (horietako bi 91 urtekoak eta bestea 102 urtekoa) eta 86 urteko gizon batek galdu zuten bizitza gaitzaren ondorioz.
22 ospitaleratze berri izan ziren atzo, lau ZIUn. 406 pertsona ospitaleratuta daude COVID-19arekin (atzo baino 7 gutxiago), horietako 56 ZIUn daude (atzo baino hiru gehiago). Intzidentzia altuak eta asistentzia-presio altuak eragindako egungo egoeraren ondorioz, Osasun Sailak aldaketak egin ditu antolaketan, bai ospitalean bai lehen mailako arretan, Covid-19 pazienteen arreta lehenesteko.
Santos Indurain Osasun sailburuak eman ditu datuak gaur goizean, prentsaurreko batean, eta azpimarratu duenez, "Oso egoera delikatuan gaude, egoera sanitarioa eta epidemiologikoa oso kezkagarria delako eta ondorioak dituelako osasun-sisteman, profesionalek eta kudeatzaileek adierazi duten bezala".
Nafarroako osasun zentro guztiek antigenoen testa izango dute astelehenetik aurrera, COVID-19aren diagnostiko azkarra egiteko eta gaixotasuna garaiz detektatzeko gaitasuna indartzeko. Horrela, Osasun Sailak detekzio-tresna hori Lehen Mailako Arretara hedatu du. Tresna hori urriaren erdialdean hasi zen ezartzen.