Datozen egunetan premiazkoak ez diren zirugia batzuk desprogramatuko dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 27a, 09:26

Santos Indurain Osasun kontseilaria, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean.

Hala jakinarazi du Santos Indurain kontseilariak. Halaber, asteburuan hiru osasun zentro irekiko dituzte, ospitaletako zama txikitzeko.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak parlamentuan egindako agerraldian adierazi duenez, "datozen bi asteak, gaur egungo okupazio indizeekin eta Covid-19ren kutsatze intzidentziarekin, oso zailak izango dira" ospitale eremuan, eta, ondorioz, aste honetan larrialdikoak ez diren kirurgia jarduera batzuk desprogramatuko dituzte. Desprogramazioak "pixkanakako ekintzak izango dira, kaltetuei jakinaraziko zaizkie eta atzeratu ezin dena babestuko dute".

Nafarroako Ospitale Guneko zuzendaritzak hainbat egun daramatza errefortzu mailakatuak koordinatzen, bigarren olatuaren eragin asistentzialari aurrea hartzeko, oraingoz jarduera arrunta nabarmen desprogramatzea saihestuz.

Bestalde, Indurainek azaldu duenez, "pazienteen eskura jarri dira oheak, bai plantan, bai zainketa intentsiboen unitatean, eta berrantolatzeko eta barne lehentasunak ezartzeko ahaleginak egin dira, gertaeren arabera berraktibatu ahal izango diren faseen sorta gisa".

Kontseialriak onartu du azken asteotako datuek aurreikuspenak "hautsi" dituztela: "Uda ez da su-eten bat izan, eta ez da erraza izango etapa honi aurre egitea, konfinamenduaren eta martxoan bizi izan zenaren itzalik gabe".

Horregatik, herritarren erantzukizunari dei egin dio, kutsatzeak geldiarazteko. "Beharrezkoa da gizarte harremana eta mugikortasuna minimoetara murriztea, birusaren transmisioa mozteko". Hala, Nafarroako Gobernua onartzen ari den murrizketa guztiak helburu horretara bideratuta daudela nabarmendu du, eta osasun irizpideei jarraituz hartu direla.

Jakitera eman duenez, kasuen hazkundea dela eta, lehen mailako arretak hiru osasun zentro irekiko ditu asteburu honetan, eskaria ospitalera iritsi aurretik bahetzeko. Halaber, jakinarazi du osasun zentroetan antigenoen testak sartzen ari direla, eta azaroaren 2rako, datorren asterako, osasun esparru guztietan egongo direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!