UPNk ez du alarma egoeraren luzapena babestuko Espainiako Kongresuan

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 26a, 17:25

Parlamentuko talde guztiek agertu diete babesa Espainiako Gobernuak hartutako neurri berriei, Navarra Sumak izan ezik.

Eskuineko koalizioak esan du ez duela babestuko alarma-egoera sei hilabetez luzatzeko proposamena. Javier Esparza Navarra Sumaren bozeramailearen iritziz "askatasunen murrizketa" bat da alarma-egoera.

Berriz, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babes osoa erakutsi diote Madrilgo exekutiboari, eta baita foru Gobernuari ere. Hartutako neurriak guztiz beharrezkoak direla adierazi dute. Hala ere, Geroa Baik azpimarratu du alarma egoera eta etxeratze agindua ezarrita, unean unean aztertu beharko direla iragan astean Nafarroan ezarritako neurriak, eta zenbait neurri bertan behera utz daitezkeen baloratu ala ez: tartean, ostalaritzaren itxiera.

Mikel Buil talde moreko bozeramailea kezkatuta agertu da etxebizitza egokirako sarbiderik ez duten pertsonen berrogeialdiengatik eta haien ongizateagatik, eta horiek bermatzeko lanean ari ote diren galdetuko dio exekutiboari.

EH Bilduk ere bat egin du neurriekin, eta birusari aurre egiteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu behar direla nabarmendu du, baina kritikoago agertu da Nafarroako Gobernuarekin. Koalizioaren ustez, erakusten du orain arte hartutakoek ez dutela behar bezala funtzionatu. Alarma egoerara irtsi behar izateak, erakusten du "egungo markoak mugak dituela eta burujabetza" falta dela, Bakartxo Ruiz eledunaren hitzetan.

Azkenik, PSNtik, Ainhoa Unzu parlamentariak txalotu du Foru Gobernua aurreratu izana; neurri murriztaileak hartu eta egun batzuetara, Sanchezen gobernuak alarma egoera ezarri baitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!