Navarra Sumak galarazi egin dio parlamentuari NUPen katedra askatasunari babesa ematea

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 26a, 15:15

Simon Wiesenthal zentroak eta Yad Vashem España elkarteak NUPek antolatutako Palestinaren "apartheidari" buruzko ikastaroa bertan behera uzteko eskatu zuten irailean. Unibertsitatean katedra eta adierazpen askatasuna babestea eskatzen zuen parlamentuko adierazpen insituzionalak.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak errefusatu egin du 'Apartheid en Palestina' tituluarekin antolatutako ikastaro batengatik Nafarroako Unibertsitate Publikoari babesa ematea bilatzen zuen adierazpen instituzionalaren proposamena. Simon Wiesenthal Zentroak eta Yad Vashem España Elkarteak gutun bana bidali zioten irailean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren udako ikastaroa bertan behera uzteko eskatuz, "antisemitismoa sustatzen duela iritzita".

EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak batera aurkeztu dute adierazpena, eta PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoa jaso du. Hala ere, Navarra Sumak kontrako botoa eman du, eta, ondorioz, ezin izan du aurrera egin; izan ere, araudia aldatuta, aho batez onartu behar dituzte adierazpenak.

Nafarroako Parlamentuak "katedra- eta adierazpen-askatasunaren erabileran Nafarroako Unibertsitate Publikoa babestu eta defendatzeko" konpromisoa hartzea proposatzen zuen testuak.

Mikel Buil Podemoseko bozeramaileak azaldu duenez, "ikasturte honetako boikot saiakeraren eta lobby ezberdinek egindako orkestra erasoen aurrean" aurkeztu dute adierazpena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!