Nafarroako Gobernuak gaur erabakiko du neurri gehiago ezarriko dituen ala ez

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 26a, 09:00

Maria Txibite presidentea, kazitarien aurrean adierazpenak ematen.

Indarrean diraute iragan astean foru erkidegoan ezarritako neurriek, gaueko itxialdi agindua erantsita. Arratsaldeko seietan eginen du Nafarroako Gobernuak alarma egoeraren balorazioa.

Nafarroako Gobernuak gaur erabakiko du aurreko astean onartutako neurriez gain neurri gehiago hartuko dituen, eta baita Espainiako Gobernuak onartutako gaueko mugikortasuna mugatzeko ordutegia aldatuko duen ere. Izan ere, Nafarroak ordubetean alda dezake 23:00etatik 06:00etara ezarritako tartea. 

Gai horiek guztiak zehatz-mehatz aztertuko ditu gaur exekutiboak, eta prentsaurrekoan emango ditu hartutako erabakien berri. 

Foru gobernuak, onartutako azken foru aginduan, gaueko ordutegiko mugikortasuna mugatzea aztertu zuen, baina ez zuen sartu, foru eskumenak gainditzen dituen gaia delako. Atzo onartutakoa bezalako estaldura behar zuen.

Antzeko zerbait gertatzen da leku pribatuetan elkarrekin bizi ez ziren pertsonen arteko bilerak debekatzeko aginduarekin; iragan astean ezarritako foru aginduan, azkenean, gomendiora mugatu zen. Baina alarma egoera indarrean izanda, orain bai, foru gobernuak debeku gisa ezarri dezake.

Gaurko balorazio lasaiago baten zain, Maria Txibite Nafarroako presidenteak atzo esan zuen alarma egoeraren dekretua bat datorrela Nafarroak eskatutakoarekin; izan ere, tresna "baliagarria" da birusaren aurka borrokatzeko eta herritarren osasun publikoa "babesteko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!